Pentsatu ohi dugu jakintzara bidea lerro zuzen bat dela, baina usu sigi-sagatsua izaten den errepide bat da. Ikertzea mundura kuriositatez jausi egitea da, esploratzeko gogoz, ez ezer deseraikitzeko, Carla Bosermanek bere Auca Research Manifesto-an ondo marrazten duen bezala. Ikertzea ezkutuan edo ezezagunak izan diren historia eta errealitateak ikuskorrago egitea da.
Ikertzea entzutea da, beste pertsonekin elkartzea eta beraien konexio, kausa, ondorio eta historiak kontatu ahal izateko zortea izatea. Ikerketa opari bat da, zeinak eskatzen duen inguruarekiko, kontestu eta egituren kontzientzia-maila handi bat. Horregatik, ikuspuntu sendoetatik ikertzen dut, errealitatearen konplexutasuna sakona atzeman ahal izateko.
Egun osoa basoan esploratzen pasa ostean etxera bueltan azazkalak lohiz beteta itzultzea legez da, barrenak jakintza gosez eta galdera ugariz hartzen zaituen filosofoa da, eta emeki-emeki forma hartzen duten puzzle piezak sortzea. Umiltasun-iturri emankor bat da baita ere, beste pertsona eta komunitateek aurrez sortutako jakintzekiko errespetu adierazpen bat. Azkenik, ikertzea da, baita ere, aztertzen den erreailtateko pertsonentzat esanguratsuak diren prozesuak sortzea.

